XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, ikusi daigun zer dugun hemen, arlo eta inguru honetan.

Zer ziñeskera, ohitura, zaletasun eta jokera ageri diren euskaldunen artean; eta zein izen eta hitz ditugun bizirik oraino hesparru honetan.

Ohitura eta ziñeskerei buruz, badugu zerbait.

Barandiaranek bildu eta idatzi dituenak eta hor-hemenka gelditzen zaizkigun zenbait gauzatxo: suaren ospakundeak Eguberriz eta Ekainez; bai eta urarenak eta zuhaitzarenak ere.

San Martinek adierazten digun Ixu eguna (suaren eguna).

Olentzaroaren ohitura, eta guzti hauen oleska ospatzearena.

Eta hilleri izan zaien itzal eta begirunea.

Festa biaramunak hilen egun bezela ospatzea.

Eta ospakunde guztien atzean hileri gomutapen egitea.

Bai eta, honi loturik dugun ostiral egunari buruzko guztia; hilen eta arimen eguna, ezer garrantzizkorik hasi behar ez dan eguna, izate ilun eta itzalezko bat duen eguna funtsean.

Jokera eta zaletasun arloan, aipatu daiteke zerbait: euskaldunak berez duen erligiotasun sakona; honetatik ulertu daiteke Europan erligio zaharrari eusten atzenengo herria izatea.

Ospakundeak taldeka egiteko zaletasuna.

Egin ohi dituen zenbait bazkari edo afari, rito antzeko izatea.

Mendi gain zaletasuna eta erromerietan erligioa eta giza-ospakundeak bateratzea.

Izenetan, ez dugu gehiegirik, bainan bada zerbait; idatzietakorik, bat bakarra dugula uste dut: frantses batek idatzia utzi zigun URTZIA, jainko izen bezela: ur = or araua ikusi dugunez ORTZI forma ere gauza bera dugula, argi dugu.

Barandiaranek bere azterlanetako ondoren bezela, MARI dalakoaren izatea adierazten digu; eta izen horren formarik zaharrentzat bezela, MAI eskaintzen digu; Mari forma, badaiteke kristautzaren eraginezkoa izatea.

Ipuin askotan, URRIKA eta URRAKA izenak agertzen zaizkigu; bai eta URDIN ere; Mari Urrika, Urdin Grazia eta holako eraketaz agertzen zaizkigu gehienbatetan.

Izen hauen oinarri UR dugu.

EGU jainko izen dugula, gaur ukatu ezinezkoa dugu.

Ahoskien ikerlanean ondo ikusi dugu, izen honek duen indarra.